TXIAPASEKO KOMUNITATE INDIGENA ETA ZAPATISTEN AURKAKO ERASO PARAMILITARREN KONTRAKO SALAKETA

Badira bi urte jada Chenaló udalerriko talde paramilitarrek, Txiapaseko Los Altos eskualdean, erasoak hasi zituztela: mehatxuak, tiroketak, suteak, jazarpenak etab. Hauek, Munición de Aldama herriaren kontra bideratuak dira batik bat, biztanleria zapatista zein ez zapatistaren kontra. Talde paramilitar horien ekintzak ez dira inoiz jazarriak izan, ez Gobernu Federalaren partetik ezta Estatu edota udalerrien aldetik ere. Ondorioa: hildako ugari eta milaka pertsonen behartutako lekualdatzeak.

Pasa den abuztuaren 22an, Ocosingoko “Organización Regional de Caficultores” (ORCAO) elkarte ofizialistarekin harreman estua duen talde paramilitar batek, “Nuevo Amanecer del Arcoiris” izeneko kafe sotoa erasotu zuen, Lucio Cabañas udalerri zapatistan kokatuta dagoena. Horretarako, arma astunak erabili zituzten eta, ondoren, dena arpilatu eta sua eman zioten sotoari berari. Horrek guztiak, berez kinka larrian zegoen testuinguru bat larriagotu besterik ez zuen egin. Azken eraso horiek, iazko apirilaz geroztik eskualdean izandako indarkeria-gorakadarekin batera, komunitate zapatistak suntsitzeko plan eta estrategia baten presentzia aurreikusten dute.

ORCAOk historia paramilitar luzea du bere inguruan: eraso armatuak, bahiketak, idokitzeak eta beste hainbat delitu. Komunitate zapatistak desagerrarazteko eta haien lurrak bereganatzeko estrategia ez du inoiz ezkutatu. Erakunde paramilitar honetako kideek, sasoiko gobernuekin izan ditzaketen loturek ere zeharo kezkatzen gaituzte. Horrek, 1994tik aurrera gobernu federal eta estatalek komunitate zapatisten aurka piztutako gerra zikinaren aurrekari odoltsua kontuan izanda, erabat kezkatzen gaitu.

Talde horien ekintzek zigorrik gabe jarraitzen dutela ikusita, jarduera horiekiko konplizitate federala ematen dela ondorioztatu dezakegu. Komunitate zapatistek gobernuaren mega-proiektu handien eta nazioz haraindiko proiektu estraktibisten aurkako jarrera aldarrikatu izan dute beti, baimenik gabe haien lurraldean martxan jarri nahi izan direnak; horrez gain,  gobernuaren programa asistentzialistak ukatu izan dituzte beti, gizarte-sarea hautsi eta komunitateak sasoiko gobernuetara lerrokatzera behartzen baitituzte. Hori al da, bada, komunitateekiko indarkeria politikoaren gorakadaren jatorria?

Guzti hori kontuan hartuta, komunitate zapatisten kontra bideratutako eraso paramilitar hauek salatzeko ahotsa altxatu nahi dugu, baita Gobernu Federal, Estatu eta udalerriek duten lankidetza osoaren kontra ere.